XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3) 2) atalean eskaintzaren malgutasuna ez perfektua izateko aukera hartu dugu kontuan. Erabiltzen ez diren baliabide espezializatuei dagozkien kantitateetan oreka perfekturik badago, baliabide hauetarako guztiak aldi berean iritsiko dira enplegu betearen egoerara.

Baina normalean, zerbitzu eta ondasun batzuen eskariak maila bat hartuko du eta, hortik gora, eskaintza perfektuki malgutasunik gabekoa izango da, baita beste norabide batzuetan oraindik ere enplegurik gabeko baliabide ugari sobera egonda ere.

Horrela, outputak igo ahala, behin eta berriz hainbat butxadura gertatuko da, eta egoera hauetan zenbait ondasunen eskaintzak malgua izateari utzi egiten dio eta beren prezioek beharrezko mailara igo behar dute, hau edozein izanik ere, eskaria beste norabide batzuetara desbideratu ahal izateko.

Gerta liteke prezioen maila orokorra asko ez igotzea outputak gora eginda, enplegurik gabeko era orotako baliabide eraginkorrak dauden bitartean. Baina outputa butxadurak izaten hasteko nahikoa igo bezain laster, gerta liteke hainbat salgairen prezioetan igoera bortitza gertatzea.

Dena den, 3) pasarte honetan nahiz 2)an adierazitako guztiari dagokionez, eskaintza-malgutasuna hein batean denboraren funtzioa da. Ekipamenduaren kantitatea aldatzeko behar den denbora-tartea hartuz gero, eskaintza-malgutasunak zertxobait handiagoak izango dira behin-behinekoz.

Horrela, langabezia handiko egoeratan eskari efektiboan izandako erdi-mailako aldaketak oso eragin txikia izan dezake prezioak igotzen, eta oso eragin handia enplegua gehitzen; baina maila handiagoko beste bat (ustegabekoa izanik, aldi baterako butxadurak eragiten dituena), prezio-igoeran xahutuko da, eta ez enpleguarenean. Gainera hasieran bukaeran baino proportzio handiagoan.

4) Alokairu-unitateak enplegu beteko egoerara iritsi aurretik igotzeko joera eduki ahal izateak azalpen gutxi behar du. Langile talde bakoitzak bere alokairu propioen igoerarekin, ceteris paribus, irabazten aterako diren unetik, jakina, talde guztientzat norabide honetaranzko presioa egongo da, eta enpresarioek presio hori onartzeko prestutasun handiagoa izango dute negozio hobeak egiten ari direnean. Hau dela eta, gerta liteke alokairu-unitatearen goranzko joera asetakoan, eskari efektiboaren edozein igoeraren zati bat zurgatzea.